Zisare izeneko programan parte hartuko dute Getariako, Zarauzko, Zumaiako eta Orioko bederatzi ikastetxek. Ekimenaren bitartez ingurumenarekiko kontzientzia eta eguneroko ohitura jasangarriak landuko dituzte ikasleekin, beraiek hondakinen kudeaketa arduratsuaren garrantziaz jabetu daitezen.
Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) Zisare ekimena egingo du aurten ere Urola Kostako ikastetxeetan. Hondakinen prebentzioa eta birziklapena sustatzeko eta konpostajearen bidez materia organikoa kudeatzeko ohiturak bultzatzeko ekimena da
UKUEk azaldu duenez, ingurumenarekiko kontzientzia eta eguneroko ohitura jasangarriak landuko dituzte eskualdeko ikasleekin, horiek hondakinen kudeaketa arduratsuaren garrantziaz jabetu daitezen. Hain justu, Getariako, Zarauzko, Zumaiako eta Orioko bederatzi ikastetxek parte hartuko dute aurtengo aldian, eta bakoitzak bere behar eta interesetara egokitutako jarduerak aukeratu ahal izango ditu programak eskaintzen dituen baliabide eta proposamenen artean.
Programak hondakinen prebentzioa eta birziklapena ikasgelan lantzeko hainbat aukera eskaintzen ditu. Besteak beste, herriko hondakinen inguruko datuak eskuratuko dituzte tailer baten bidez, eta garbiguneetara bisita gidatuak egiteko aukera ere izango dute. Halaber, Dameroen jokoa baliabide ludikoaren bidez ikasleek hondakinen kudeaketari buruzko ezagutzak eskuratu eta ingurumenarekiko jarrera arduratsuak landuko dituzte, jolasean ari diren bitartean.
Programaren ardatz nagusietako bat ikastetxeetan sortzen den materia organikoaren kudeaketa eta konpostajea da. Horretarako, Zisarek hiru tailer eskaintzen ditu, ikasleek konpostajearen prozesua gertutik ezagutzeko eta praktikan ikasteko. Lehenengo tailerrean, zer konposta daitekeen eta prozesua nola egiten den azaltzen zaie ikasleei. Horretarako, ikastetxean bertan duten konpostagailua kudeatuko dute, hamaiketakoen hondakin organikoak konpost bihurtuz. Bigarrenean, konpostagailuaren barruan sortzen den ekosistema aztertuko dute, mikroskopio digitala eta horretarako prestatutako material didaktikoa erabiliz. Hirugarrenean, berriz, konpostagailua hustu eta bertan sortutako konposta erabilgarri egiteko aukera dute ikasleek, zikloa osatuz.
Jarduera horiez gain, konpostagailuen jarraipena egingo dute urtean zehar, teknikari espezialista baten laguntzarekin. Horrela, konpostaje prozesua behar bezala garatzen dela eta beharrezko baldintza tekniko eta higienikoak betetzen direla zainduko dute.